Ikerketa linguistikoa

Ana Echaide Hizkuntzalaritza Orokorreko katedradunak Filologia ikasleendako abian jarri zuen euskal hizkuntzalaritzaren irakaskuntza eta esparru horretako ikerketa. Bi lan ildo nagusi izan ditu: Lehena Nafarroako euskalkiak biltzeari eta ikertzeari buruzkoa; Koldo Mitxelenak prestatutako galde-sorta bat erabiliz inkesta linguistikoen corpus zabal bat egin zen. Bildutako materialak 1989. urtean argitaratu zituen Eusko Ikaskuntzak. Proiektuak jarraipena izan zuen gero Nafarroako hamar herri hauetan egindako inkesten landalanarekin eta transkripzioarekin: Abaurregaina, Alkotz, Arbizu, Jaurrieta, Etxaleku, Eugi, Mezkiritz, Urdiain, Zilbeti eta Zugarramurdi. Material hori Euskaltzaindiaren Hizkuntza Atlasa egiteko erabili zen. Bigarrena irekita geratu zen "ukipenean dauden hizkuntzen" gaineko bere doktoretza tesiarekin.



Euskararekin zerikusia duten ikerketek jarraipena izan dute, orobat, Asier Barandiaran euskal filologoaren lanarekin. Katedrarako egindako ekarpenak bertsolaritzakoak eta euskarazko ahozko literaturakoak eta kazetaritzakoak izan dira.