Ikerketa etnografikoa: Etniker-Nafarroa

Etniker Euskalerria taldekoen bilera, Nafarroa Behereko Isturizko leizearen aitzinean
 

Etniker José Miguel Barandiaran-ek sortu zuen eta, bere hitzetan, "etnia ikertzea" esan nahi du; Nafarroako Unibertsitateko Euskal Hizkuntza eta Kultura katedrako irakaslanaren osagarri moduan sortu zen. Helburua euskaldunen atlas kulturala egiteko datuak erdiestea da.

Taldea zehazki noiz sortu zen ez dakigu, Etniker 1920an sustraiak dituen proiektu baten birformulazioa delako –garai hartan Barandiaranek eskola Gasteizko Apaizgaitegi Kontziliarrean ematen zuen–. Beraz, esan daiteke taldeak lehen urratsak 1964tik 1969 bitartean eman zituela, Katedra berriak lagundua. Industrializazioak berarekin zekarren aldaketa kulturalaren jakitun, Barandiaranek lortu zuen bizitzan zehar berarengana hurbiltzen zirenak euskal esparruko herrietako bizitza tradizionaleko egintzen erregistro sistematikoan sar zitezen. Nolanahi ere, lankideei oinarrizko hiru elementu hauek ematen ahalegindu zen beti: prestakuntza, klase edo mintegien bitartez; tresna metodologiko bat (inkesta) eta ikerketaren emaitza argitaratzeko tokia.

Etniker de Navarra [PDF]-ri dagokionez, eskola Unibertsitateko Euskal Hizkuntza eta Kultura Katedran eman zuen (Euskal Etnografiari buruzko Ikastaro Monografikoa, 1964tik 1979ra bitartean); tresna metodologikoa Guía para una encuesta etnográfica [PDF] izan zen; eta landalana ezagutzera emateko tokia, Cuadernos de Etnología y Etnografía de Navarra aldizkaria, Foru Diputazioak 1969an sortu eta Julio Caro Baroja antropologoak zuzendu zuena.

Etniker eredua Arabara, Bizkaira, Gipuzkoara eta Ipar Euskal Herrira esportatu zen. Hartara, Etniker taldeak lanean ari dira Atlas Etnografikoa egiteko materialak prestatzen. Atlasaren proiektuari bultzada handiagoa emateko, legez erregistratutako Etniker Euskalerria [PDF] elkartea 1987an sortu zen. Lurraldeen arteko batzorde baten zuzendaritzapean, elkarte horren helburua da tokiko monografiez gainera Euskal Herriko Atlas Etnografikoa argitaratzea. José Miguel Barandiaranek bultzatutako proiektu honen lehen liburukiak, elikadurari buruzkoak, 1990. urtean ikusi zuen argia.