Irakaslana

"Oskillaso"-ri egindako omenaldiaren une bat. Argazkia: Nafarroako Unibertsitateko argazki funtsa

Irakaskuntza eta ikerketa dira Euskal Hizkuntza eta Kultura Katedraren sortze-helburuak. Horrexegatik hasi ziren 1964an euskarazko eta etnologiako klaseak. Nafarroako Foru Diputazioak babesturik, nahi zuen orok, ez soilik unibertsitariek, ikas zezaketen Katedran.

José Miguel Barandiaranek 1964tik 1979 bitartean Euskal Etnologiari buruz eman zituen ikastaro monografikoek eragina izan zuten, gutxiago edo gehiago, geroago Etnologia eta Antropologia Kulturalean arituko ziren ikasleen prestakuntzan.

Hizkuntzaren arloan osperik handiena hartu zuten irakasleak Ana Echaide eta José Basterretxea "Oskillaso" idazlea izan ziren.

Barandiaranek laurogeiko hamarkadan erretiroa hartu eta finantzatutako euskara ikastaroak bukatu ondoren, hasierako urteetako irakaslan hura  zertxobait zokoraturik gelditu zen. Alabaina, laurogeita hamarreko hamarkadan bultzada berria izan zuten, izan ere Euskal Ikasketen Diploma sortu zen, Nafarroako Unibertsitateko berezko titulu moduan. Diploma horretan 60 kreditu eskaintzen ziren euskal gaiei buruzko gaztelaniazko zein euskarazko ikasketetan. Katedran lantzen ziren Hizkuntzalaritza eta Etnologiako ohiko irakasgaiak, Historiako, Arteko, Geografiako edo Zuzenbideko ikasketa berriak eta euskal errealitate kulturalari buruzko gai monografikoetan sakontzeko mintegiak. Diploma Unibertsitateko edozein ikaslek egin zezakeen eta onarpen zabala izan zuen.

 

Gaur egungo ikasketa planetatik berezko tituluak desagertu dira. Hori hala izanik ere, Katedrak irakaslana berreskuratu du Euskal Ikasketen Ibilbidea arian-arian ezartzen joan delako Filosofia Fakultatean.

<-- Ignacio Barandiarán Maestu, 2013ko apirilean emandako mintegi batean. Argazkia: Nafarroako Unibertsitateko Argazki Funtsa