El cantar de Ursúa: Mujer, lengua y tradición musical en las dos Navarras

Urtsuako kanta

Gerta liteke kanta batek seiehun urtetik gora irautea? Urtsuako kanta Azkue folkloristak jaso zuen Baztanen, XX. mende hasieran. Bertan Urtsuako dorrean, Arizkunen, gertatutako istorio tragikoa kontatzen da. Esaten dutenez, dorrea haraneko zaharrenetakoa da. Letrak XIII. edo XIV. mendekoak izan litezke.

Dorrearen jabea Pirinioetatik iparraldera zegoen Lantaina etxeko gazte baten senargaia zen. Kondaira hasten da Juana emaztegaiaren eta Bautista bere anaiaren arteko elkarrizketa batekin, Juanak ezkontzera joateko bere jaiotetxea utzi aurretik. Anaia ohartzen da neska haurdun dagoela eta Juanak erregutzen dio sekretua gorde dezan, zoritxarrekoa dela aitortzen badio ere: berak ez du Urtsuara joan nahi. Hala ere, ezkontza burutzen da eta senarra berehala konturatzen da emaztea haurdun dagoela. Senarrak azaltzen dio, beren bizitza berria elkarrekin hasi aurretik, dorrearen jabetzakoa den eta handik hurbil dagoen Santa Anako ermitara joan beharko lukeela otoitz egitera. Behin baselizara iritsita, Urtsuako jaunak emaztea hiltzen du eta morroi bati ihes egiteko zaldi bat presta diezaion eskatzen dio, baina zaldiaren ferrak alderantziz jarrita, badaezpada. Kontakizunaren amaieran azaltzen da, tamalez, Juana, orain dorrean beilatzen dutena, agur esan gabe joan zela. Logikoa denez, garai batean zehar debekatua egon zen kanta hau kantatzea, izan ere, Urtsuako jabeek ez zuten nahi erailketaren berri eman zedila.

Kantak adituen arreta deitu zuen bere edertasunagatik eta formaren eta edukiaren arteko oreka perfektua zuelako. Hala ere, galdera asko ditu inguruan: nork eta noiz idatzi zuen? Kontatzen den istorioa, egiazkoa al da? Egia da Erriberriko gortean kantatu zela errege erreginen aurrean? Euskara erabiltzen zen inguru horietan? Egilea emakume bat izan zen?

Kanta honek eta kanta honi eman zitzaizkion erabilerek Nafarroako erresumaren ibilbide historikoa modu bitxian laburbiltzen dute: noblezia txikiaren boterea, gortearen hurbiltasuna, hizkuntza aniztasuna, Pirinioetako hegoaldearen eta iparraldearen arteko harremanak, emakumeari egotzi zitzaion tokia, leinu aliatuen artean adostutako ezkontzak eta ahozko tradizioaren biziraupena.

Agur ene arreba
nere arreba Yoana
berri bat aditu dut
nere arreba Yoana.

Zer aitu duzu bada
anai Battista yauna?
Izorra omen zara
nere arreba Yoana.

Zertan ezautzen naute,
nere anaia yauna?
Gerria loditu ta
laburtu kotilluna.

Zazpi errota berri,
zortzi yauregi xuri:
hoien guziengatik,
nik ez Urtsura nahi.

Urtsuak eder lehio,
Lantanak ederrago
Lantanako alaba
Urtsuan hila dago.

Urtsuan defuntua
Sant'Anan kausitua:
adios erran gabe
etxetik partitua.

Pamplona
Baja Navarra
Baztan

22-24 Mayo 2019

 

Antolatzailea:
Euskal Hizkuntza eta Kultur Katedra

Babesle:
Nafarroako Gobernua

Laguntzailea:
Santa Maria Heleta