Santa grazitik garazira Izenen misterioa nafarroan

AURKEZPENA

Ikastaldi honen helburua da Nafarroako ondare materiagabearen zati bat, hau da, pertsonen eta etxeen izenak, herritarrengana hurbiltzea. Izena ondare unibertsala, derrigorrezkoa eta doakoa da, eta, horrenbestez, gizaki bakoitza interpelatzen duen eta gizaki bakoitzarekin loturik dagoen kontua da, bakoitzaren iragan genealogikoa osatu duten pertsonen eta gorabeheren kate luzearekin uztarturik.

Nafarroaren kasu zehatzean, edozein gizarteren aberastasun antroponimikoari bere hizkuntza-iraganaren konplexutasuna erantsi behar zaio. Iragaitzazko lurraldea bere bilakaera historikoan, herri asko igaro dira Nafarroatik, eta era askotako aztarnak utzi dituzte: antroponimiaren azterketak harreman estua du biztanleen lekualdatzeen eta joan-etorrien azterketarekin, iparraldetik hegoaldera izandako migrazioekin bereziki, bai baxenabartarrena 1580. urtera arte gutxi gorabehera, bai erresumako iparraldeko bigarrenek Ebroren bailarako ordokietarantz egin zutena laborantzarako lurraren bila, bai abeltzaintza transhumanteak bultzatu zuena. Bidaldi horri abentura amerikarra gehitu behar zaio XVI. mendeaz geroztik, haren eraginez hedatu baitziren lurralde honetako deiturak eskala handian Inperioaren garaian; izan ere, Amerikan bakarrik kontserbatu da ondare aberats horren zati bat.

Iraganeko izenen eta deituren azterketarekin batera –garai historiko desberdinei jarraiki– oikonimiaren (etxeen izenak) analisian barneratuko da ikastaldia. Orain dela gutxi arte baiezta daiteke etxea izan dela egiazko subjektu soziala, gizabanakoa edo familia baino gehiago. Etxea zen egiaz eskubideak eta betebeharrak zituena, eta okupatzaileak –apopilo igarokorrak ere deitu zaie batzuetan– haren bidez txertatzen ziren tokiko komunitatean. Nafarroan kontserbaturiko ondarea oso aberatsa da hizkuntzaren, historiaren eta etnografiaren ikuspegietatik begiratuta. Etxearen izena deitura gisa erabiltzearen azterketak –ugari dira hori gertatzen den adibideak– agerian uzten du Nafarroa tradizionalean emakumeak zuen papera, ez gutxitan hura baitzen ondarearen oinordekoa, bai eta seme-alabei deitura ematen ziena ere.

Historialariek, hizkuntzalariek, soziologoek eta heraldistek kontu horiek guztiak landuko dituzte ikastaldian zehar, beren ezagutzak eskaintzeko, aldaketa prozesuak aztertzeko eta interesa duen publikoarekin elkar eragiteko, bakoitzaren esperientziatik abiatuta. Izan ere, ez alferrik, esan daiteke onomastikari nahiz oikonimiari esker, iraganean barneratu gaitezkeela, geure eginez eta hartako kide sentituz.